Baranda gorria

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2018ko mai. 25a, 13:24

Bi gorputz lurrean; haietako bakoitzari eusten bina ertzain. Haiei begira, beste ertzain bat bere zakurrarekin. Erne ibili da Irutxuloko Hitzako argazkilaria eszena erretratatzean; goitik hartu du irudia; paretik hartu izan balu, ez zen hain osoa izango, ez zuen hain garbi deskribatuko gertakaria.
Argazki oinean dator informazioa: “Azken egunetako gertakariak salatzeko, Bizitza da Handiena egitasmoko kideek elkarretaratzea egin zuten atzo, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzaren aurrean”. Hortaz, argazkia Alderdi-Ederren inguruan aterata dago. Badakizue, Kontxako badiara begira, Donostiako marco incomparable horretan.
Donostian, egun hauetan, bi jardunaldi mota ari dira garatzen: batetik, Turismoaren Munduko Erakundearen kongresua; eta horren kontra, hainbat herri taldek antolatu eta babestutako Bizitza Da Handiena egitasmoa. Aurtengo udaldiko menuan ere ez da faltako turismoaren platera Donostian. Dagoeneko iritsi da abangoardia, fitxatu beharrik ez eta maiatzean opor har dezaketen turista urtetsuen multzoa.
Pena Madrilgo aurrekontuetatik etorriko den partida oraindik ez heldu izana. Izan ere, badakizue, jeltzaleek hitza jateari esker lortu duten milioi kopuruaren zati bat Kontxako baranda eraberritzeko da. Marco incomparable-aren ikonoa lotsaren gorriaz pintatzea proposatuko nuke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!