Gaztelu plaza, betiere

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2018ko mai. 18a, 11:29

Zerua urdin-argitzen izarrak itzaltzera doazen puntuan. Adriana Eransusek diseinatu duen karteleko zeruak sanfermin gauak barraka politikoetan xahutzen genituen festetara eraman nau zirt-zart batean. Hitz eta pitz, halako batean zeruak iragartzen zuen Pamplonesaren bila joateko ordua zela.
Kartelean ageri den Gaztelu plazako ertz horrek, berriz, aurten berrogei urte beteko dituzten sanfermin haietara narama, 1978koetara. Poliziak zezen-plazan egindako sarraskiaren ondoren, eta handik bertan, LKI-ko German Rodríguez hil zutela jakitean, atsekabez lehertu zen gau hartara noa. Irudiak baino gehiago soinu-banda datorkit gogora: amorruaren orruak eta autoen txapa joz ateratzen zen burrunba beldurgarri hura.
Bi orrialdetara zabaldu du Berriak gaur Gaztelu Plazako argazkia. Aitzakia? Bihar eguerdian bertan osatuko den hezur-haragizko armarria. Atzoko Berrian orri beteko iragarkia zetorren. Non da Wally moduko bat, klase guztietako jendearekin: burusoilen bat, txapeldun parea, melena urdinduak, adats ederrak, bizardunak, xankameak, borobilak, haurduna, asteburuko atletak… Apustu bihar eguerdiko argazkiak forma eta kolore horiek denak islatuko dituela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!