Intersekzio puntua

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2018ko api. 27a, 13:17

Sorpresarik ez gaurko argazkiaren aukeraketan. Sorpresak, atzo izan ziren, txarrerako eta onerako. Nafarroako Lurralde Auzitegiko presidentearen irudia ikuste hutsarekin garbi zegoen ez zetorrela parte oneko ezer; gizona bakar-bakarrik epaitegiko salan, toga soinean, kamerak oso urrutitik hartzen zuela, aurpegiaren trazarik ez erakustearren. Kontrastean, eta aldiberean osagarri, auzitegiaren aurreko irudiak, jendea asaldatuta sententziarekin, amorruak gaindituta… Gaurko BERRIAren azal erdia betetzen duen argazkia txupinazokoen erreplika eta ifrentzua da aldi berean; Iruñeko udaletxe plaza gainezka, painelu gorri eta musikaren ordez, belun eta haserre.
Atzo eguerdiko albistegietan Nafarroa eta epaitegiak gurutzatu ziren bi zentzutan; Manadakoen epaia Iruñean; Altsasukoena Madrilen. Han, Madrilen, Jose Perals fiskala ikusi genuen ondorioak azaltzen; Inkisiziorako oposaketak egiten ari zela zirudien. ETAk bere burua desegiten badu ere, eternitateraino iraungo du halako liturgiaburuekin.
Antipodetan egon arren, bi kasuek, Manadarenak eta Altsasukoak, badute intersekzio puntu bat: lehenengoan guardia zibil bat eta militar bat daude akusatuen artean; bigarrenean, bi guardia zibil dira –ireki komatxoak- biktimak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!