Orojakileon ahuldadeak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2018ko mar. 23a, 14:30

Xingola horia aulki gorriaren gainean. Haren eskuinetara Josep Turull, Rodinen Pentsalariaren tankeran, ezkerreko eskua aho-masailetan, begirada barruko amildegira zuzenduta. Haren gorbata zuri-beltzak doluaren zentzua hartu zuen atzo arratsean. Berriaren titularra: “Ezintasun baten kronika”.
Seigarren orriko argazkian sei emakume koskatan eserita, eta erabat kontzentratuta eskuartean duten telefono, tablet edo koadernoan. Tartean dago Olatz Simon, Euskal Telebistako korrespontsala. Alboetan eta barrenean kazetari gehiago, entzuten, apunteak hartzen, han hondoan pantailan ageri den Turullen diskurtsotik. Denak ere, “ezintasun baten kronika” idaztea zuten mixio.
Saioa Baleztenak eta Mikel Peruarena Ansak kronika hori tajutzeko ezintasunaz idatzi dute Berrian: “Korridoreetako nahasmena” titulatu dute. Nahasmena, ze, diotenez: “Prozesuak hemendik aurrera zer bide hartuko duen ez baita batere argi sumatzen kazetarien artean. Are nekezagoa egiten da hemendik aurrera zer gerta litekeen igartzea, eta hori ikus-entzuleei eta irakurleei nola kontatu asmatzea”.
Deskalabruaren erdian argi izpi bat ikustekotan hortxe legoke: atzoko Parlamenteko ezintasunaren kronika idazteko kazetariek sentitu duten ezintasunaren aitorpenean. Orojakileon ofizio honek bere ahuldadeak badituela onartze horretan. Dena dela, magoa etorri eta txisteratik irtenbidea aterako balu…

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!