Taldeko argazkia da; hamabost lagun ageri dira, eta lehen begirada azkarrean identifikatu ditut Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editorea, Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa, Ane Labaka bertsolari performerra eta Iñigo Muguruza musikaria. Zerk bildu dituen? Ba sortzaileak direla eta hain zuzen ere Gotzon Barandiaran kulturgintzako aktibistak osatu berri duen sortzaileak.eus atarian zerrendatu dituela.
Bi mila eta berrehun sortzaile sartu ditu Barandiaranek atari horretan. Zazpi diziplinetakoak dira: ikus-entzunezkoak, musika, literatura, arte plastikoak, bertsolaritza, antzerkia eta dantza. Irizpidea, hauxe: bizirik egotea eta azken hamabost urteotan lanen bat plazaratu izana, alegia, sorkuntzan aktibo egotea. Emaitza da katalogo osatu eta eguneratua, eta adibidez kultur programatzaileentzako eskuliburua izan behar lukeena.
Dagoeneko datu estatistiko esanguratsu bat eman du atariak: ehun sortzailetatik hirurogeita hamar gizonezkoak dira; hogeita hamar besterik ez emakumezkoak. Antzerkian bakarrik ei dira emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago.
Espitx hau bukatu eta banoa azkar batean sortzaileak.eus atarian murgiltzera. Voyer samarra izan, eta irrikitan nago euskal sorkuntzaren who is who-a txekeatzeko.