Estolderietako kiratsa

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2018ko urt. 26a, 13:00

Gaurko lehen irudia ez da argazkia, Zaldieroaren tira da. Hor doa Espainiako bandera koroatua espaloian, eta topo egiten du estolda zulo irekiarekin: “Begiratuko dut estoldetan badaezpada ere…” dio Bandera aztiak Sherlock-en pare. Jaitsi da eskuko eskaileran behera eta topatzen du estoldetako kakaren alboan gizon ilara: epailea toga eta guzti mazoa eskuan, svastikadun jantzia daraman ultra bigoteduna pistolarekin, zerbitzu berezietako guardia zibila metrailetaz, gizon gorbataduna –politikaria agian?-, maletatxoa eskuan duela eta, azken putz, polizia mozorrotua borra astintzeko prest. Galdetzen die Bandera espainiarrak: “Push The Moon ikusi duzue?” eta erantzuna ahobatez: “Ez”. Lau zutabeko artikuluak adina informazio eskaintzen du gaur ere Zaldieroak hogeitabost bider zazpi zentimetroko tiran.
Orrialde batzuk lehenago bada gaiari lotutako argazkia ere: Soraya Saenz de Santamaria presidenteordea mikrofonoa bere neurrira jartzen ari da kazetariei mezua emateko. Mezuak dio Puigdemont Generalitateko presidentegai bakarrak “lege iruzurra” egin nahi duela eta dimititu egin behar duela. Bide batez aditzera ematen du Zaldieroaren tiran azaltzen den tropa osoa zain daukala Puigdemontek.
Egoera ikusita, ezinbestekoa da klandestinitatera kondenatutako beste politikari batzuen pasadizoak gogoratzea: Carrillo komunista Espainian pelukarekin mozorrotuta sartu zenekoa, Jose Antonio Agirre lehendakariaren ibilerak, Compains presidentearenak… Uff! Diktadurako estolderiaren kirats berbera dario Saenz de Santamariaren argazkiari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!