Bost gazte, hiru neska-mutil koxkor eta zazpi txiki; eta baita txikiago bat ere amaren besoetan. Motxiladun haurrak dira, aita, ama ala biak kartzelan dituztenak. Asteartean Euskal Telebistako “Ur handitan” saioan ezagutu genituen horietako batzuk, adibidez Malen, Ken Zazpiren kantako protagonista.
Ez dut ikusten argazkian Gari, kartzelan jaiotako bederatzi urteko mutiko heldua, guraso biak barruan dauzkana. Berriako erreportajean, Iñaki Barrutia psikologoak esaten duenean “ume horiei haurtzaroaren zati handi bat kendu” egin zaiela, Gari datorkio bati burura.
Barrutia psikologoak banan bana aletzen ditu motxiladun haurrengan agertzen diren arazoak: kartzelara bisitan joan aurreko egunetan bizi izaten duten antsietatetik hasi eta estresa, neke fisiko eta psikologikoa, haserrea eta gaitzidura barne dituen errosario zorigaiztokoa.
Erreportaje hauek –Berriakoa nahiz ETBkoa- urrutiko herrialderen bateko umeei buruzkoak balira, hunkitu eta asaldatu egingo litzateke mundu guztia. Nork ez luke gaitzetsiko halako egoera eragiten duen erregimen politikoa?
Bihar dago aukera, Bilbon, salaketa hori berretsi eta konponbidea exijitzeko. Ulertezina gertatzen da Sarek antolatutako manifestazioari muzin egitea Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Geroa Baik.