Ahobizi eta belarriprest

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2017ko aza. 24a, 12:32

Familia argazkia dela zehazten du oinak; familia zabala benetan, ze badaude bertan berrogeiren bat pertsona. Haietako hamaikak letra bana dute eskutan, eta horrela osatzen dute ekimenaren izena: E-U-S-K-A-R-A-L-D-I-A.
Izan ere, datorren urtean, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskal hiztunok bereziki aktibatzeko deia egin dute. Horretarako bi ezaugarri banatuko dituzte, txapa formatuan: Ahobizi –euskaraz egiteko gai garenontzat- eta Belarriprest –euskara ulertzeko gai direnentzat-.
Hamaika ez, hogeita sei erakunderen zerrenda osatzen dute sustatzaileek, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Euskal Elkargotik hasita. Euskararen lurralde osoa hartzen dute.
Gaur goizean irratian egitasmo honen berri entzutean, berehala jarri naiz urtebete barruko eszenategi hori eta bertan jokatu beharreko papera irudikatzen; estuasun eta guzti. Ze, egia aitortzeko, nik neuk ez dut egunero kemenik izaten toki eta jendarte ezezagunetan lehen hitza euskaraz jaulkitzeko.
Hala ere, atzo bertan ondo atera zitzaidan jokaldia. Gasteizko Alde Zaharrean, lokal baten bila, eta parean zetozen hiru gazteri bota nien galdera, behingoz ausart, euskaraz. Hala erantzun zidaten haiek, euskaraz; ez hori bakarrik, prestutasun bereziz jarri ninduten helmugara bidean. Euskal hiztunen arteko konplizitatea nabari zen. Euskaraldirako praktikak egiten hasteko animoa jaso nuen jadanik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!