Parlamentuak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2017ko aza. 10a, 12:57

Dotore joan zen atzo Carme Forcadell Espainiako Auzitegi Gorenera. Jaka arrosaren gainetik beroki beltza, Madrilgo hotz fisiko eta emozionalari aurre egiteko. Ezkerreko besotik zintzilik poltsa granatea eta harekin batera karpeta beltza eskuetan. Hor eramango zituen Parlament-aren presidenteak Llarena instrukzio epailearen galderei erantzuteko apunteak.
Irribarrerik ez Forcadellen aurpegian; begizuloak bai. Badu begizuloetarako joera emakume honek. Osotara, sosegua transmititzen du bere bisaiak, gorriak pasatzen ohituta dagoenari zizelkatzen zaion musu tankera hori.
Gaua kartzelan igaro du Forcadellek. Jakinmina pizten zait espetxeko funtzionariek zer pentsatzen eta sentitzen ote duten parlamentu bateko presidentea apopilo izanda, gau bakar baterako besterik ez bada ere. Nola tratatzen ote duten emakume hori. Zaldieroak bai, badaki nola tratatu Forcadell: gorentasunean jarri du gaur, Parlament-eko presidentea ez ezik, independentziaren aldeko borrokalaria ere baden andrea.
Kataluniako Parlament-etik Nafarroako Parlamentura. Hogeita hamar eta hamasei ageri dira botoen kontaketa panelean. Hogeita hamar boto gaixo dauden presoen alde. Laukoarekin batera sozialistek onartu dute mozioa: argi izpi bat zentzatzearen bidean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!