Berriaren azala ia osorik hartzen du gaurko argazkiak, grafiko bihurtu duten argazkiak. Izan ere, gorriz jarri dituzte atzodanik preso diren Governeko kideak, berdez bermea ordainduta libratu ahal izango den kontseilari ohia eta urdinez Bruselan daudenak. Govern osoa kartzelan edo exilioan.
Atzoko irudia, dena dela, guardia zibilen furgonek utzi zuten, Auzitegi Nazionaletik kartzeletara bidean, argi urdinak dizdiz eta sirenak uluka. Irudi hori ikusita, guardia zibilen beste ibilgailu bat etorri zitzaidan gogora: land rover bat.
Iraila zen, 1972koa-edo. Azterketak prestatzen ari nintzela, hara non jotzen duten etxeko atea guardia zibilek. Land-roverrean sartu eta Donostiarantz. Arratsaldea Antiguako kuartelean pasatu nuen, galdeketa kafkiano batean, ze beste norbaitekin nahasten ninduten. Gauean, hartu berriro land roverrean eta hara non eramaten nauten Martuteneko kartzelara. Han, zuzendariari argitu behar izan nion ezetz, ez nintzela ez lapurra ezta puta ere. “A, politikoa hortaz!” bota zuen, lasaituta bezala.
Garai hartan epailearen aurretik pasatu gabe, agindu judizial ziztrin bat gabe, sar zintzaketen guardia zibilek espetxean. Atzo, Lamela epaileak 19 folioko txostenarekin bidali zituen Governeko kideak kartzelara. Orduan eta gaur inpunitate berbera elkarbanatzen dute guardia zibilek eta epaileek.
Estremera eta Alcalako presondegietako zuzendariek zein ataletan sailkatu ote dituzte Governeko kideak? Ze, badakizue, orain ez omen dago preso politikorik Espainian.