Etxe orratzak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2017ko urr. 6a, 11:34

Egun askoren ondoren gaur da lehena Kataluniako kaleetako irudirik gabekoa. Atzo irratian entzun nuen, impase eguna zutela, eta hala gertatuko zen. Badago, ordea, Kataluniari lotutako irudirik, eta aurreko egunetan ikusi ditugunetatik oso bestelakoak dira. Gaur bankuek hartu dituzte egunkarietako azalak.
Sabadell bankuaren egoitza kristalezko etxe orratz bat da, inguruan dituen eraikinak umiliatzen dituen horietakoa. Caixabankenak kolorean du indarra, burutik oinetara beltz, moro katua bezala. Biek ala biek, gotortasuna dute ezaugarritzat, korporazio handiek eta finantza entitateek beren headquartersetan egin ohi duten estiloan. Han goitik, enegarren solairutik, inurri modura ikusi ei da kaleko jendea, zapatarekin, tak!, zapaldu eta akabo.
Hemen behetik, kaletik, begiratuta, Sabadellek eta Caixabankek beren egoitza sozialak Kataluniatik ateratzeari ikusten zaio, lehenengo eta behin, koldarkeriaren kolorea. Segidan, saldukeriarena. Horren seinale gorena gaur Espainiako Gobernuak Caixabanki jarriko omen dion alfonbra, akziodunen batzarrik egin gabe ihes egin dezan.
Lotsa diferitu bat ere sentitzen dut operazio honekin: ia ahaztuta daukagu, baina bazen Banco Guipuzcoano deitzen zen bat, hemen sortua eta Sabadellek irentsi zuena. Haren hondarrik geratzen bada, Alacanten egongo dira hemendik aurrera, katalanei traizio eginda.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!