Non dago Wallykoa da azalean datorren argazkia: buru txiki beltzez lepo ageri da goitik hartutako irudia. Buruen tartean esteladek jartzen dute puntua eta koma. Hala ere, Wally aurkitzea, zaila benetan. Izan ere, hurrengo orrialdeko lerroburuak dioenaren arabera: “Kaleak hartu dituzte ikasleek”.
Azpiko argazkian, buru txiki beltx zirenen aurpegiak ikus daitezke: ahoak borobilean, oihuren bat jaulkitzen; bataz beste, aurpegi alaiak, irrimurrira jotzen dutenak. Hirugarren argazkian bigarren planora pasa dira ikasleak: hauen pankartaren aurretik emakumezko bat eta gizonezko bat datoz, suhiltzaile uniformearekin, kasko eta guzti. Argazki oinak dio suhiltzaileek ikasleekin bat egin zutela atzo, Bartzelonako manifestazioan.
Suhiltzaileak manifestazioan; portuko zamaketariak desobedientzian; eskoletako zuzendariak, giltzak eskuetan, igandean ateak irekitzeko prest. Ofizioka gertatzen ari diren jarrera hartze hauek islatzen dute erreferendumaren aldeko mugimendua zein zumerekin egina dagoen. Suhiltzaile, zamaketari eta irakasleak –baita ikasleak ere- ez dabiltza aisialdiko denborapasa politikoan; nork bere ofizio eta eginkuzunetik egiten dio ekarpena mugimenduari.
Bitartean, kontramugimenduak asmatu du beste jaurtigailu zaratatsu bat: umeak giza-ezkutu gisa erabiltzeaz salatzen ditu igandean eskolak irekitzea bermatuko duten herritarrak. Espainiaren armagabetze prozesuak hizkuntzatik eta hitzetatik hasi beharra dauka.