Ñabardurak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2017ko eka. 16a, 11:50

Leiho berde bat, bere leihatila eta guzti, eta leihoaren azpian banderola zuriak dio: “E18 eman bortzekoa”. Dotorea da Argazki Presseko Idoia Zabaletaren argazkia. Beran ateratakoa omen da, argazki oinak dioenez.
E18an, hau da, igandean, Nafarroako lau eskualdetan egingo den galdeketari buruzko erreportajean, arreta piztu dit galderaren kontuak. Basaburuan galdera bikoitza izango da: “Nahi al duzu Nafarroako herritarrok gure etorkizuna aske erabakitzea? Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko basaburutarra izan?”. Mendialdean ere, Lekunberri-Larraun inguru horretan, bikoitza dute galdera: lehenengo partean Nafarroa aipatzen da, Euskal Herria bigarrengoan. Bortzirietan, esaldi bakarrean bildu dituzte biak: “Nafar gisa, Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi duzu?”.
Iaz, Goierriko galdeketarako galdera prestatzeko taldean ibili nintzen. Nik uste nuen di-da batean asmatuko genuela formulazioa. Ze misterio dauka ba dozena bat hitzeko esaldia osatzeak? Inuxentea ni, dozena erdi bat saio behar izan genituen galdera erabakitzeko. Eta, azkenean, nahi al duzu-ren ordez nahi duzu jarri, eta al partikula faltan bota zuten hainbatek.
Total, galderak asko esaten duela zuzenduta doan herriari buruz. Eta ni, herri txikikoa izanik, ñabardurak kontuan izatearen alde. Galderagileei opa diet igandean erantzuleek eskertzea galderari eskaini dioten mimo guztia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!