Ene, hiru urte joan direla jada? Oroitzapena hain da bizia oraindik… Ze zirrara sentitzen zuen batek bere bi eskuek beste esku banari helduta, Durango eta Iruñea bitarteko 123 kilometroak lotzen zituen eskuzko katearen parte zela sentitzean.
Elorriokoa da BERRIAk dakarren argazkia, baina argazki oinari begiratu beharrik ere ez: garbi dago bide ertzean eguzkipean, eskuz esku, barre eta algaraka dabiltzan horien irudia 2014ko ekainaren 8koa dela.
Ekintzaren berritasuna izan zen arrakastaren lehen gakoa. Gauzak oso ondo antolatu izana bigarrena. Eta hor zegoen unearen egokitasuna: ETAk armak utzi zituenetik ia hiru urte pasata, txanpainik gabeko iragarpen berandutu haren onurak bizitzen ari ginen jendartean. 2014ko ekainaren 8an probatu genuen kontrako espaloietan ibilitakook elkarri eskua emateko gai ginela.
Gure Esku Dagok biharko Bilbon antolatu duen bilkurak galdera ikurra irudikatuko du: erabakitzeko eskubideari buruzko galdeketaren ikurra. Eskuarekin batera galdera ikurra da Gure Esku Dagok martxan jarritako mugimenduaren sinboloa. Zenbat jende etorriko ote da, nolako animoa egongo ote da? Galdera ikurretik zintzilik beti, aldarte sozialaren baitan. Ziurtasun batekin, hori bai; Anjel Oiarbideren hitzetan, “gatazkatsua zen gaia, erabakitze eskubidea, normal bilakatu dugu”.