Enegarrenez

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2017ko mai. 5a, 12:12

Eibarko Untzaga plaza, bai, bai, 1931ko apirilaren 14an, Errepublikaren etorrera aldarrikatzen azkarrena ibili zen tokia. Orduko bera da eszenategia: udaletxeko fatxada zabal hori, balkoiez betea eta arkupeekin. Atzo, ordea, han jendea biltzeko motiboa ez zen aldarrikapena, gaitzespena baizik. Lehen planoan emakume gazteak eta bi mutiko, elkarri eskua emanda, soka osatzen. Atzean jende andana eta pankarta bat: “Matxismoak hiltzen jarraitzen gaitu”. Bihurritu egin dute aditza: “hiltzen du” inpertsonalaren ordez, “gaitu” erabili dute, gu. Izan ere, lehen planoko emakume gazteak Rakel Lopez Airas izan zitezkeen, eta mutikoak haren hamabi urteko semea.
Argazki honen ondoan beste albiste hau dator: “Sanferminetako bortxaketagatik 23na urte eskatu ditu fiskalak”. Eskaera hori egiteko fiskalak egiten duen errelatoa irakurtzea gurutze-bidea da: nola bortxatzaileek sarrarazi zuten neska indarrez Pauliko Caballero kaleko atari batean; nola grabatu zituzten mugikorrarekin sexu abusuen irudiak; nola goizeko hiru eta erdiak aldera aurkitu zuten neska negarrez, noraezean…
Gaur, maiatzak 5, sanferminetarako eskaileraren bosgarren maila. Honenbestez, bi hilabete geratzen zaizkio Iruñeari emakumearen kontrako abusu eta biolentziarik gabeko sanferminak prestatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!