Atari bateko ate berdeen artetik emakumezko bat, eguzkitarako betaurrekoak diadema gisa, begiak fokuan, irribarre zabala eta eskuineko eskuan liburu bat argazkialariari -eta beraz, argazkiaren ikusleari- eskaintzen diola.
Emakumea Arantxa Iturbe da, Euskadi Irratiko esataria aspaldi bateko Goizean Behin izeneko magazin aitzindari hartatik. Irratiko esataria ahotsa da, eta haren arabera, entzuleak nahierara irudikatzen du ahots haren jabea. Horregatik, tarteka ondo dator irrati esatariaren argazkia ateratzea, besteak beste entzuleak irudikatu duen hura eta hezur-haragizkoa konparatu ditzan.
Kontua da Arantxa Iturbe idazlea ere badela, eta idazle gisa datorkigu argazkira, liburu berria eskainiz. Argazkilariak eskaintza hori azpimarratu du; izan ere, liburua eskaintza da izenburutik bertatik: Koadernoa zuri. Hala ere, bikoitza da izenburu horren esanahia: koadernoa zuretzat dela uler daiteke, baina baita koadernoa zuri dagoela ere, estreinatu gabe.
Izan ere, Arantxa Iturberen ezaugarririk behinena hitzekin jokatzea da, mikroaren aurrean bezala paper zuriaren aurrean ere. Oraingoan, aspaldiko partez paper zuriaren aurrean jartzeak -dio hitzez hitz: “Asko balio izan dit inoiz galdu ez dudan hitzekiko pasioa berresteko”.
Hitzekiko pasio hori transmititzen du, arratsaldero, irratiko mikrotik.