Izar formako globo urdinek zedarritzen dute argazkia. Baso moduko bat osatzen dute globoek, eta haren oinetan jendea trinko doa; erdialdean neska bat eskusoinuarekin, eta kantuan ingurukoak. Ilunbistan, atzean ageri diren hiriko argiek halako fantasia ukitu bat ematen diote eszenari.
Osotara, bihotzak beratzeko istorio baten osagai guztiak daude hemen. Ama bat kartzelan; kartzelan jaio zen alaba bertan bizi izan da orain arte, baina hiru urte bete ditu eta ezin da gehiago amarekin bizi. Tartean, aita bihozgabearen erasoa… Hau ez da, ordea, Disney faktoriaren ipuin bat. Hau Auzitegi Nazionalaren esku dagoen kasu gordin bezain erreal bat da.
Egunkariaren hurrengo orrialdean ere epaitegi kontuak. J-U-S-T-I-Z-I-A da argazkian gehien ageri den hitza: pankarta banatan eta baita hizkiz hizkiko euskarrietan ere. Gasteizen, Martxoak 3 elkarteak nazioarteko zuzenbidea aplikatzeko eskatu du, duela berrogeita bat urteko sarraskia ez dadin zigorgabe geratu. Epaitegiak arrazoi parea eman du auzibidea mozteko: horietako bat, kasua preskribatuta dagoela, ordutik berrogei urte pasa joan direlako.
Epaitegietako artxiboetan preskribatuko zuen Martxoaren 3ak. Nekez, ordea, urtea joan urtea etorri, martxoak hiru dituenero sarraski hura berbizitzen duen belaunaldiaren memorian.