Bi autorretratu

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2017ko ots. 24a, 12:31

Burua beherantz, begitartea ilun samar, ezpainak irribarre izan nahi lukeena marrazten. Iñaki Urdangarinen argazkia, atzo, Palmako epaitegitik ateratzen, epaiaren berri jaso ondoren. Argazkiari telebistako audioa gehitu behar zaio, ehundaka pertsona haserreren harrabotsa, milaka askoren sentipenaren adierazle.
Urdangarini zarata horrek makurtuko zion burua, horrek ilunduko zion begirada eta ozpindu irribarrea. Eta, hala ere, pentsatzekoa da barrua kriskitin joka ibiliko zuela momentu horretan, nahiz eta kontrako oihuen tragotik pasa behar izan. Kontua da atzo jakitera emandako epaiarekin Espainiako Justiziak, behin berriro ere, bere autorretraturik narratsenetako bat egin duela.
Iruñeko Udaletxeko plazan, haur dezente eta haien guraso eta lagunak, pankarta soil eta argi baten inguruan: “Haur eskolak euskaraz” dio pankartak. Argazki honen kontra-argazkian Iruñeko Administrazio Auzietarako 2. epaitegiaren erabakia, Udalak bi haur eskolen hizkuntza eredua aldatu izanaren kontra. Hortxe, Espainiako Justiziaren atzoko bigarren autorretratua, Izugarrikeria eta Laidoen Galeria aberasteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!