Kafesne koloreko azala; bizarra eta ile kizkurra, zuritzeko bidean. Jertsea soinean. Begiek, kuzkurtuta izan arren, kamerari zuzenean begiratzen diotela somatzen da. Erabakimena eta sendotasuna transmititzen ditu gizonak.
Izena, Imanol Urbietaren kantako indio txiki hark duenaren antzekoa: hura Jon Braun baldin bada, hau Bob Brown da, Afrikako Herrien Alderdi Iraultzaileko kidea. Eta esan duena ez da txantxetakoa: “Ameriketako Estatu Batuetan leiho bat ireki da ezker iraultzailearentzat”. Berak, Bob Brownek, hori esanda, esperantzari irekitzen dio leihoa, Gandiagak idatzi eta Oskarbi taldekoek kantatzen zuten beste abesti hartan bezala.
BERRIAri Donostian eman dion elkarrizketan, Estatu Batuetako egoera politikoaren analisi zehatza egiten du Bob Brownek. Eta hor ikusten da ezker iraultzaileari ireki zaion leihoa estua dela oraindik, estua eta iluna. Denboran, ikuspegi zabala dauka Brownek, izan ere Pantera Beltzak alderdiaren sortzaileetako bat izan omen zen, 60ko hamarkadan.
Donald Trumpen belaunaldi berekoa da Brown, bi urte gazteagoa. Itxura fisikoan, janzkeran eta jarreran, ahurra eta ifrentzua dira. Eta eskertzen da bere buruaren karikatura den presidentearen ordez, antipodetan dagoen norbait ikustea.