Gaur Nafarroarekin badute zerikusia BERRIAren azaleko argazki guztiek. Behetik gora hasita, Laura Perez eta Nagua Alba ageri dira, Nafarroako eta Euskadiko Autonomia Elkarteko Ahal Duguren idazkari nagusiak, ahobeteko irribarrearekin. Gainean, serioago, Mikel Arregi, Euskarabidea institutuko idazkaria. Eta goiko eskuineko txokoan, Mikel Urmeneta dago, bere marrazki bat daraman platera erakusten.
Laura Perez eta Nagua Albaren argazkiak ez dirudi egun hauetakoak direnik. Izan ere, nola egon daitezke hain irribarretsu, astebururako daukaten planarekin?
Mikel Arregi Euskarabideako zuzendariaren aurpegia koherenteagoa gertatzen da hizpideekin; esaterako, hauxe: “Hizkuntza eskubideak bermatzea ere auzitan jartzen dute batzuek”. Gai honi lotuta dator zazpigarren orria, kontatzen baitu nola Nafarroako Gobernuak hamabi udali eremu mistora aldatzeko aukera emango dien.
Aurreko orrialdean, Mikel Zabalzari azkena egindako omenaldiaren argazkiarekin batera, beste albiste hau dator: poliziaren indarkeriaren biktimei omenaldia egingo dietela hilaren 18an.
Kontua da azala ezezik, BERRIAren lehen zazpi orrietan dagoela Nafarroa, eta hori kultura sailean doan Urmenetarena kontatu gabe. Gure normalizazio bideetan, hurrengo pausoa izango da albisteak irakurtzea EAEkoak edo Nafarroakoak diren ohartu gabe.