Endogamikoa gerta daiteke gaurkoa; hala sentitzen duenak, barka beza.
Tres Reyeseko argazkietan daudenak serio ageri dira, baina ikusi nahi luke batek zer nolako aurpegia geratu zitzaien atzo, prentsaurrekoan zeudela, albiste hau iritsi zitzaienean: Carmen Lamela magistratuak Altsasuko auzia itxi egin duela bereari eutsiz; alegia, terrorismoa egozten diela bederatzi gazte altsasuarrei.
Asteartean 214 abokatu, jurista eta unibertsitateko irakaslek atera zuten manifestua Altsasuko auziaren kontra. Atzoko agerraldian kaleratutako manifestuak, artista, idazle, bertsolari, feminista, kirolari, kazetari eta abarren 130 sinadura dauzka.
Agerraldi eta manifestuok hartzen dute halako tankera bat, tribuaren defentsarako jardunena. Baina horren gainetik, demokraziaren eta justiziaren aldeko ekintzak dira.
Izan ere, ETAren armagabetzea esijitu eta oztopatu -biak batera- egiten duten horiek berak dira ETAren kontrako borrokaren aitzakian sortutako makineria inkisitorial hori etengabe koipeztatzen dutenak, martxan jarrai dezan. Goardia zibilek Altsasun eta Intxaurrondon eta beste nonahi egon behar dutela justifikatzeko, Auzitegi Nazionala bezalako epaitegi salbuespenezko bat beharrezkoa dela frogatu nahian.