Argazkia protokolozkoa da. Ainhoa Aznarez, Parlamentuko presidentea Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiaren eskutik oparia jasotzen. Luma dotore bat da oparia, eta ozta-ozta irakur daitezke eskaintza hitzak: “Eskurik dugu. Eskutik goaz. Eskura dezagun”.
Kondestablearen jauregiko aretoan Xabier Morrasen Amaiur artelana ageri da; Nafarroaren erresistentzia irudikatzen duen obra erraldoia, 1512a eta gaur eguna lotzen dituen mural totala. Irudi indartsu hori aldamenean jarrita, nola esan, itzali samar geratzen dira ekitaldian izan zirenen aurpegi eta jarrerak.
Argazkian ez da ikusten aretoaren beste horma, Morrasen pinturaren aurrez aurre dagoena. Han, Vascuencearen Legeak duela hogeita hamar urte marraztu zuen Nafarroako mapa irudika dezakegu: ondo markatuta eremu euskaldunaren, mistoaren eta ez-euskaldunaren arteko marrak. Izan ere, atzoko ekitaldian, hiru lagunek marraztu zituzten, nork bere esperientziatik abiatuta, Euskararen Legeak iraganean eragin dizkien eta oraindik ere eragiten dizkien kalteak.
Ion Orzaizen kronikak jasotzen duenaren arabera, badirudi oraindik hor jarraituko dutela, aurrez aurre, Morrasen muralak eta Euskararen Legeak marraztutako mapak.