Estalki zulatua

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2016ko urr. 7a, 12:14

Barkatu, baina, gaurkoa selfia da. Selfi gorri, hori eta morea. Bai, Eibarren duela laurogeita bost urte astindu zuten bandera errepublikarraren koloretakoa. Baina, kolore haiek beste esanahi bat dute oraingoan Eibarren: gorria, lotsarena; horia, haserrearena; morea, ubelduarena: emakume bati –emakume guztioi- egindako laidoarena.
Eibar futbol taldearen weborrian albiste hauek dira nagusi herenegundik:
Bat: Eibar Fundazioak eta Wiko enpresak Robotikako ikastaroak bultzatuko dituzte eskola-umeentzat Ipuruan.
Bi: Seat izango da Eibarren auto ofiziala beste urte betez.
Hiru: Birkokatutako bazkideek behin behineko eserlekua eska dezakete Ekialdeko tribunarako, Osasunaren aurka –Osasunaren aurkako partidan, alegia- harmaila berriaren zati bat irekiko da-eta.
Txintik ere ez Sergi Enrich eta Antonio Lunaren balentriaz.
Bi futbolari horien jokaldi biralari buruz, ez al dauka ezer esatekorik Amaia Gorostiza presidenteak? Ez al da gorri, hori eta more sentitu?
Mendilibar entrenatzaileak ez zituen atera bi jokalariak atzoko partidan; hori al da zigor guztia?
Gauzak horrela, futbol mundu ahalguztidunak beste gol tranpati nazkagarri bat sartu dio emakumearen –emakumeon- duintasunari.
Robotikako ikastaroak haurrei Ipuruan? Estalki zulatua besterik ez. Hipokrisiaren gailurra.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!