Arkupean argazkia beteko ilara: lehenengoa gizon gazte tximaduna da, eskuineko eskua haur kotxetxoan bermatuta; ezkerrekoan, paper zuria. Ondoren beste gizonezko bat dator, ile eta bizar urdinduna; emakumezko lenteduna hurrena; segidan, ilara borobil bihurtu eta solasean ari da taldetxoa, irribarrea ezpainetan; eta horrela jarraitzen du lerroak, koadro kostunbrista baterako material aproposa erakusten.
Argazkiaren eskuineko aldean, mahaia; erdiko mahaikidea zutik, botoak jasotzen; ezkerrean gazte bat, eskuineko eskua xaguaren gainean, ordenagailuko pantailari so. Azpeitikoa da argazkia, joan den igandekoa; han, ehuneko berrogeitik gertura iritsi zen parte hartzea independentziari buruzko botazioan. Osotara, galdeketa egin zen 34 herrien datuak batuta, hautesleen heren bat joan zen botoa ematera, eta horietatik ehuneko laurogeita hamabostek aukeratu zuen baiezko botoa.
Emaitza horietatik interpretazio ezberdin askoak atera ahal dira. Gauza bat da ziurra, ordea, galdeketen mugimendu honen alde. Atera dadila halako beste dinamika bat, instituzioetatik at, herritar hutsek antolatua eta finantzatua, egunkari salduenek boikoteatua, independentziari ez esateko. Horren zain geratuko gara.