Argazki sorta, jokorako kartak balira bezala zabalduta. Ezin falta Senpereko aintzira inguratzen duen bideko irudia, familia osoak paseoan.
Alboan, Woodstock estilora, Nafarroa gunea: eszenategi erraldoia barrenean; hari so, maldan behera kokatuta, gazte pilo koloretsua, eta lehen planoan bikotea, neska ikurriñan bilduta. Hor, Nafarroa gunean, izan ziren kontzertu guztiak, azkena, festa isteko, Esne Beltza taldearena.
Beste klasiko bat, zikiro bazkarirako puskak zintzilik txingarretan, poliki-poliki erretzen. Dena osatzeko, trikiti bikotea, neska soinuarekin eta mutila panderoarekin.
Ikasle ohiak aritu ziren bertsotan, bigarren belaunaldikoak. Izan ere, dagoeneko Kristoren adina hartu du Herri Urratsek, 33. edizioa izan da aurtengoa. Apustu ea ehungarrenera iritsiko ote den. Beste hirurogeita zazpi urte falta: bai ala ez?
Bueno, oraingoz, erronka, epe laburragokoa dute -eta urjentziazkoa-. Paxkal Indo Sehaskako presidenteak esan duenez, milioi bat euro behar dituzte Baionan lanbide heziketako zentro bat irekitzeko. Apustua zabalik dago.