Betaurreko birtualak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2016ko api. 26a, 12:17

Zientoan bat ateratzen den horietakoa da gaurko argazkia: Barack Obama errealitate birtualeko betaurrekoekin. Betaurrekoek argazki kamera baten antza dute, baina bi begi esajeraturekin. Ondoan esaldi bat: jarri eskuak VR-en. Jolaserako kontsolak izan behar dute VR horiek.
Itxura bitxia dauka Estatu Batuetako presidenteak bere begien ordez pelutxezko txakur batenak diruditenak erakutsiz. Ez dakit irudi aholkularia oso konforme egongo ote den planta horrekin. Edo agian bai?
Kontua da atzo ez zuela denbora galdu Obamak Hannoverren. Industria azoka bisitatzeaz gain, Merkel, Hollande, Cameron eta Renzirekin bilera egin zuen eta lezioa eman zien: Sirian, Libian eta Ukrainan parte hartze handiagoa izan behar du Europar Batasunak. Terrorismo jihadistari eta Errusiari aurre egiteko bat eginda egon behar du Europak.
Horiek betaurreko birtualak erantzita esango zituen Estatu Batuetako presidenteak. Berdin du, dena dela, ze mundua gerra jokoetako play station baten gisa ikusten segitzen du, benetako begiekin ere, Bakearen Nobel saria daukan gizonak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!