Denak gizonezkoak orain arte. Eskuinetara ageri dira bi neska, dantzari jantzian hauek ere, desenfokatuta. Andoni Canelladaren argazkiak ezin hobeto islatzen du Luzaideko Bolanteen genero banaketa, hau da, gizonezkoek jokatzen dutela paper nagusia.
Baina aldaketa bidean ei dator. Galdeketa egingo omen dute, hiru punturekin: “Mutilek egiten duten bezala, neskek dantza taldean parte hartzearen alde al zaude? Hala bada, nola jantzita? Zein pertsonaia ordezkatu beharko lukete?”.
Aste santuaren hasieran egingo dute galdeketa, eta emaitza emakumezkoen parte hartze integralaren alde aterata ere, aurtengo pazko igandean, lehengo legearekin segiko dute. Hortaz, aurtengoa izango ahal da azken Bolant Egun ez parekidea.
Baten bat zalantzan balego emakumeek joka dezaketen paperaz, hauxe gomendatzen diot: dantzan.eus web orrian dagoen film labur bat ikustea. Santurtzin grabatua da, 1921ean. Bertan, emakumezkoek gidatzen dute soka dantzaren protokolo guztia; beraiek ateratzen dituzte plazara gizonezkoak, eta a zer nolako ziurtasunarekin.
Laurogeita hamabost urte dituzte irudi horiek. Ordua izango da ba Luzaiden ere neskak desenfoketik ateratzeko, ala?