Ez, albistea ez dator Irlandatik, hemengoa da. Azaleko argazki horretan, Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea, emakumezko batekin eta gizonezko batekin ageri da, solas gozoko itxuran, epelean, atzo Siberia xamar izan behar zuen Gasteizen. Tejeriarekin daudenak europarlamentariak dira.
Barruko orrietan, beste europarlamentari bat, emakumezkoa, Nafarroako Parlamentuan, Podemos-Ahal Duguko Laura Perezen diosala jasotzen, atzean Mayorga Ramirez txanda zain. PSNko diputaturik ez da ageri argazkian; izan ere, UPNrekin eta PPrekin batera, europarlamentariak hartzeari uko egin diote. Aldiz, Eusko Legebiltzarrean sozialistak egon ziren europarlamentariekin, jeltzaleak eta EH Bildukoak bezala.
Gakoa europarlamentarien mixioan dago, euskal presoen egoeraren berri jasotzera etorri baitira. Jirari jarraituz, Baionan izango dira gaur. Han litekeena da sozialistekin ere biltzea.
Sentsibilitatea dago hemen jokoan; sentsibilitate sozial eta politikoa. Dirudienez, PSNen soberan ez daukatena.