Argazkirik, argazki propiorik, ez daukate gaurko albisteek; artxibotik ateratako batek ilustratzen du notizia parea, eta horrek jartzen gaitu arrastoan: “Danok erasoen kontra” diote argazki horretako kartelek.
Inauteriak oraindik bukatzeko, eta bi eraso sexistaren berri dator, Tolosan gertatua bata, Lantzen bestea. Tolosa eta Lantz, bi inauteri eredu ezberdin, eraso kontuan bat eginda.
Aspaldi ezagutu genuen Lantzeko inauteria, artean kamerarik apenas joaten zenean. Julio Caro Barojak erreskatatu berri zuen ahanzturatik, eta bere anaia Piok “Navarra cuatro estaciones” dokumentalean erakutsi zuenean, orduantxe hasi zen Lantzerako peregrinazioa. Harrez gero, poliki poliki, Lantzekoak eman die irudia Euskal Herri osoko inauteriei, Miel Otxin, Ziripot, Txatxoak eta gainerakoak klonatuz han-hemenka.
Tolosakoa etenik gabeko inauteria izan da, Francoren debekuaren garaian udaberriko festaz mozorrotu izanari esker. Etenik gabekoa eta etengabe berritzen dena da Tolosakoa, urtean urteko trending topic-ei jarraituz. Aurten, Catalunya independentearen mugak ere gauzatu dituzte.
Bi inauteri eredu, okerrenean bat eginda: Tolosan eta Lantzen, oraindik ere, puntu beltza morez pintatu beharra dago.