Gaurko argazkia ez da esistitzen; izan ere, gaurko argazkiak izan behar zuen Carme Forcadell eta Felipe VI.ren artekoa, hura honi Carles Puigdemonten inbestiduraren berri ematen; baina ez, Espainiako Erregeak uko egin dio Parlamenteko presidentea hartzeari.
Ulertzekoa da Espainiako Erregea atzo ez egotea inor hartzeko tenplean; arreba eta koinatua epaileen aurrean egonda, Palmara begira izango zituen begiak eta belarriak. Bestetik, Forcadellen azalean jarrita, a zer lasaitua; ze Felipe VI.ak hotz eta haserre aurpegiarekin azaldu beharra zeukan Parlamenteko presidentearen aurrean, petralduta erabat, Katalunia ematen ari zaizkion nahigabeen faktura pasaz; hala agintzen du borboitarren protokoloak.
Beste kontu bat litzateke Felipe VI.ak Urkullu lehendakaria hartu beharko balu. Ze Urkulluk badauka zeregina Erregearentzako; honek lideratu behar omen luke Espainiako Estatuaren eraikuntzarako interpretazio zentzuzko baten bilaketa.
Igandean Diario Vascori emandako elkarrizketan esan zuen hori Urkulluk azkenekoz. Bide batez, gustuko lerroburuak eskaini zizkion egunkari giputzari: “Asaldatu egiten nau ardurarik gabeko mugimendu sozialek baldintzatzea Katalunia” edo, beste modu batera esanda: “Asaldatu egiten nau Katalunian mugimendu sozialek alderdien sistema aldatzea”.
Hor zapaltzen dizkio juaneteak Kataluniako prozesuak, borboitarra erreskatatu nahi duen lehendakariari.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!