Erakarmen handirik gabeko argazkiak dira gaurkoak. Azalean Rajoy, España en serio-ko aurpegiarekin; bigarrenean Rajoy Cospedalekin, boligrafoak eskuetan, giltzarri izan behar duen botu kalkuluren bat egiten. Hirugarrenean Uxue Barkos mikrofonoz inguratuta; laugarrenean Eduardo Maura, Ahal Dugu-ko diputatu berria, hondoan Guggenheim duela; bosgarrenean Marian Beitialarrangoitia artxibokoa izan behar duen argazkian; zazpigarrenean Sabino Cuadra herenegun gauean: desastrearen erdian, irribarrea marrazten diete mintzaideei haren hitzek.
Soilik bi argazki dira optimistak igandeko hauteskundeei eskainitako zortzi orrialdeetan: bata Ahal Dugu-koek Bilbon egindako ekitaldikoa, eta bestea En Comu Podem-ekoena, ospakizun giroan. Kanpainaren zozokeria irauli egin dute erabat emaitzek, ezustekoak medio.
Azken aurreko bi orrietan San Tomasetako argazkiak datoz. Bilboko Areatza postuz eta jendez beteta, lehen planoan puxikak dituen irudian; txistor prejiketan baserritarrez jantzitako neskak; taloak oratzen –pla-pla-pla- emakumeak; Engraxi, zerrama leitzar donostiartua…
Hauteskundeei buruzko datuak eta San Tomas-etakoak gurutzatu eta ondorio bat ateratzen da: Ahal Dugu-ri botoa eman behar izan dio baserritarrez jantzi eta txistorra eta taloa jaten duen jende askok ere.