Kointzidentziak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2015ko abe. 15a, 12:44

Eiffel dorrearen ez ohiko irudia dakar argazkiak. Bueno, dorrea betikoa da, aldatzen dena ingurua da. Izan ere, dorrearen azpiko belazeetan, turisten ordez, protestariak daude. Plastiko zatiak belarraren gainean, eta horietan lerratuta -eserita nahiz erdi etzanda- jende andana. Esan liteke flash-moba egitekotan daudela. Barrenean pankarta zabala ageri da, eta zera dio: “Debout et détérminés pour le climat!”. Hau da, zutik eta erabakita klimaren alde.
Argazki honek ilustratzen duen erreportajeak Parisen bukatu berri den klimari buruzko goi bileraren balantze kritikoa dakar. Izenburuak dioenez, “Adostutakoa ez da nahikoa izan”. Ahots kritikoetan gogorrena Via Campesinako Antolin Huascarrena da; bere hitzetan, “Multinazionalen mesedetan eginiko akordioa da” Parisen adostutakoa.
Banengoen ba ni! Parisko goi bileraren logoa ikustean, Iberdrolarena zetorkidan gogora, fakturan ageri den hori. Izan ere, irudi ekoloa dauka argindar konpainiak azken urteotan: gorbata berdea janzten du Galan presidenteak agerpen publikoetan, eta gainera, Txano Gorritxurena dirudien basoko atrezzoaren barruan azaltzen da sarritan. Logoarena ez da kointzidentzia bakarra izango Parisko bileraren eta Iberdrolaren artean.
Bide batez, egunean 44.000 euro irabazi omen ditu Galanek aurtengo lehen sei hilabeteetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!