Argazkiarekin doinua dator gaur: La Marseillese ereserkia. Aurrez-aurre ikusten ditugunen aurpegietan somatzen da kantuan ari direla: Frantziako diputatu eta senatariak dira, Hollande presidentea buru dutela. Izenburuak ez du zirrikiturik uzten: Frantziaren erantzuna: konstituzioa aldatzea eta Sirian Estatu Islamikoa bonbardatzea.
Beste argazki batean jende talde bat ageri da, Frantziako bandera altxatzen. Gerrako hainbat monumentutan errepikatzen den irudiaren antza du: soldadua, gain batean bandera ezartzen, tokia hartu izanaren seinale. Kasu honetan, ostiraleko erasoa jasan zuen ostatuetako baten aurrean, Le Carillon-en aurrean, ari dira bandera jartzen herritarrak.
Eiffel dorrea zuri-gorri-urdinez argiztatuta eta Marselleisearen kantua jende talde baten ahotan, horrela itxi zituen atzo gaueko albistegiak Euskal Telebistak. Frantzia Handiaren ikurrak indarrean berriro. Liberté, Egalité, Fraternité-ri ere hautsak astindu dizkio ostiralekoak. Izango ahal da nahikoa talentu Frantziako Estatuan, hirukote horri irakurketa eguneratua egiten asmatzeko.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!