Azalera ekarri du Berriak atzo EH Bilduk eta Geroa Baik Iruñeko udaletxean egindako bileraren argazkia; azalera ekarri du eta orrialdearen erdia eman dio. Gaina gorria duen mahai baten bueltan, ezkerrean Geroa Baiko ordezkariak, eskuinean EH Bildukoak, tartean Joseba Asiron, Iruñeko alkate izan daitekeena. Barrenean, pare bat kamerari, beste bi argazkilari eta kazetari bat blokean apunteak hartzen. Mahai gorriaren gainean zuriz idatzi du Berriak izenburua: “UPN egotziko dute udaletik”.
Barruko orrialdeetan azalekoaren oso antzeko argazkia dator. Hemen ere ezkerreko aldean Geroa Baiko ordezkariak ageri dira, eta eskuinekoan, berriz, Ahal Dugukoak; batean zein bestean launa lagun, erdi eta erdi gizonezkoak eta emakumezkoak. Geroa Baiko aldean Uxue Barkos, Nafarroako presidentea izan daitekeena eta Itziar Gomez, udaletxeko argazkian ere ageri zena. Eskuinekoan Laura Perez bere ohiko irribarrearekin; argazkia koloretan balego, zuri-gorrian ikusiko genuke irribarrea.
Baina gaur irribarrearen esklusiba ez dauka Laura Perezek: argazki batean zein bestean ageri diren guztiek irribarre irekia ez bada ere, gutxienez irribarre zantzua dute aurpegian. Irribarre neurtua nagusitzen dela esan dezakegu, UPNkoen joan den asteko irribarre fortzatuen ifrentzua.
Eta bai, zuri-gorriz janzteko egunak badatoz, eta okerrik ezean, aurten txin-txinak ez dira izango penak arintzeko, poza partekatzeko baizik.