Laranja eta beltza

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2015ko mai. 19a, 11:41

Koloretsua da argazkia, laranja kolorez zipriztindua: laranja da neskaren sudadera, laranja kolorekoak ingurukoen pelukak, baita aurpegiak erdi estaltzen dituzten maskarak ere… Koloretsua da argazkia, baina hori baino gehiago, bortitza da, ikaragarri bortitza: ertzainetako batek masailetik gogor estututa dauka neska; beste batek buruko zapi laranjatik eta iletatik heltzen dio; hirugarren ertzaina, borra eskuan, lurrean etzanda dauden gazteak astintzeko zorian…
Atzo goizetik eguerdira bitarte Gasteizeko Andre Maria Zuriaren plazan gertatutakoaren emaitza: hamabi atxilotu eta hirurogei zauritu. Irratian esan dute hamazazpi ertzain ere badirela zaurituta. Ez da oso ondo ulertzen erresistentzia pasiboko bilkura bat desegitera joan eta nola zauritu daitezkeen ertzainak, baina tira…
Ertzainen hogeita hamar furgoneta joan omen ziren Herri Harresia desegin eta bilatzen zituzten hiru gazteak atxilotzera. Furgoneta bakoitzean, demagun, hamar ertzain sartzen dela, badira hirurehun. Harresian bostehunen bat gazte omen zeuden. Proportzioa ikaragarria da.
Hauteskunde kanpaina betean egonik, ezinbestekoa da klabe horretatik irakurtzea ekintza: ez ote dabil EAJ Gasteizko plaza irabazteko merituak egiten, PPri boto eskukada batzuk kendu nahian?
Postdata gisa, ohar bat: horrelako poliziarik eta poliziaren halako erabilerarik ezin da ametitu.
Elixabete Garmendia

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!