Dotorea etxea, balkoi zabal handiak, baranda burdinazkoa borobilak eginez zutabetik zutabera… Dotorea izan behar zuen estilo modernistako etxea txikituta ageri da, ez leihorik, ez aterik, hortzak galdutako ahoa bezala, dena zulo. Beheko balkoian gizon bat, dotorea hau ere, ikusmiran: etxeak jasan duen txikizioa neurtzen. Argazki oinak argitzen du Kumanovoko herritarrak atzo itzuli zirela beren etxebizitzen egoera aztertzera.
Kumanovo Mazedoniako hirugarren hiria omen da; zapatuan hasi ziren liskarrak talde armatu baten eta segurtasun indarren artean; emaitza: 22 hildako. Gobernuak auzoko kosovarrei leporatu die ekintza; kontua da gaizki itzalitako sua nola, edozein txinpartarekin pizten dela borroka Balkanetan oraindik ere.
Beste argazki honetako txikizioa ez da hain bistakoa, hain izugarria, lehen begiradan. Hiruzpalau lagun, hesitutako barruti industrialean, ikusmiran hauek ere, robot erraldoi bat izan zitekeenaren besoa lurrera etorrita… Istripuaren emaitza, badakizue, bi hildako atzo Funesen. Hilabete eta erdian bost langile hil direla Nafarroan, hamahiru Euskal Herri osoan…
Txikizio honetarako ez da txinpartarik behar; egituran eta antolaketan sartzen da kostu hau, proiektuetan ez azaldu arren, baina hor dago, tinta ikusezinean idatzita. Gero odolaren gorria bihurtzen da, estatistiketan.
Elixabete Garmendia