Nahaste ikaragarria egon da asteotan datorren ikasturteko matrikulazioaren harira eta ezusteko lerrokatzeak sortu ditu. UPNk Parlamentuan aurkeztu zuen legearen harira Geroa Baik, PPk eta Voxek batera bozkatu zuten eta Bilduk abstentzioa eman zuen, berez, legeari bide ematen. Egoera deseroso hau ez da sortu den bakarra, publikoaren defendatzaile sutsua garenoi aulkia mugitu zigulako Gimenok irakaskuntza publikoari babes osoa eman zionean.
Egoera hau momentuko politikaren adierazle argia da, guda kulturalak ardatz hartzen dituena, klase guduen ordez. Horregatik ideiak argitu: alde batetik, itunpeko irakaskuntza lehenetsiz ez zaio inoiz irakaskuntza publikoari laguntzen; bestalde D ereduko ikastetxe kontzertatuen gelak isteak ez du esan nahi ikasleak D eredura joan gabe geldituko direnik, ordea, ikastetxe publikoan tokia bermaturik dute.
Argi dago D eredu publikoa dela unibertsaltasuna bermatuko duen bakarra: problemak dituzten ikasleentzat, kontzertatuan plazarik ez duten ikasleentzat, kanpotik iritsi berriak diren ikasleentzat. Euskararen baldintzarik gabeko defentsak ez liguke begirada nahastu beharko, unibertsaltasuna delako bide bakarra.