Jardunaldi motaren inguruko bozketak amaitu dira jada eta Hezkuntza departamentuak zein irakaslegoaren zati handi batek, ez dakite zer egin gelditu den egoeraren aurrean.
Eztabaidarako denborarik gabeko bozketa hauek ikastetxe askotan guraso taldeak zatitu dituzte, zuzendaritzak alde batekin edo bestearekin posizionatu egin dira eta elkarrekin lan egiteko asmoa alboratu dute.
Zer dago, orduan, hilabete hauetan bizi izan dugunaren atzean? Eztabaida faltsu bat, existitzen ez zen problema baten inguruko eztabaida.
Gaur egun, Nafarroako Hezkuntza-sistemak berdintasun asmoa duen aldaketa sakona behar badu ez du denbora galdu behar jardunaldi ereduen inguruan ika-miketan (are gutxiago gardentasun eta zuzentasun baldintzarik gabe). Itunpeko ikastetxek jasotzen duten dirutza edo hizkuntza-ereduen arteko bateragarritasun ezarekin batera, segregazioa eta klasismoa dira Nafarroak dituen arazo garrantzitsuenetakoak.
Ez dezagun denbora galdu gure aurka bueltatuko diren erabaki indibidualistetan eta bidera ditzagun energia guztiak gizartearen beharrak landuko dituen hezkuntza-sistema publiko berri bat pentsatzen, mesedez. Zenbat eta denbora gehiago galdu, orduan eta azkarrago pairatuko ditugu gizarte baztertzaile honen ondorio latzak.