Datorren ostiralean Iruñeko Udaleko Etxez-Etxeko Laguntza Zerbitzuaren enegarren elkarretaratzea dago. Aurreko legealdian udalak publiko bilakatu zuen zerbitzu bakarrenetako bat da hau, orain UPNk kudeaketa pribatura bueltatu nahi duena.
Duela hilabete batzuk bertan lan egiten dutenek elkarretaratze eta greba prozesu bati hasiera eman zioten haienak eta erabiltzaileenak diren eskubideak balorean jarri nahian, publikotasuna defendatuz. Ordea, ez nuke esanen gizartearen aldetik berotasun eta besarkada hori jasotzen ari direnik, udalaren aurrean egiten dituzten kontzentrazioetan oso jende gutxi egoten baita.
Berezko berezitasunak ditu kolektibo honek: langileen %100a emakumeak dira eta zaintza lanak egiten dituzte; ezinbestekoa den zerbitzu bat ematen diote gure hirian beharrak dituzten pertsona askori.
Hala ere, ez daude ez mugimendu sozialen ezta sindikatuen agendan. Peraltako langileekin elkartasuna adierazteko egin ziren manifestaldi handiak ez baitira egiten emakume hauek laguntzeko.
Zaintzak erdigunean jartzeaz ari garenean, zerbitzu hau babesteaz ari gara...