Iruñeko Haur eskolen matrikulazio kanpaina hasiko da hemendik gutxira eta “Iruñeko Haur Eskolak Euskaraz” plataformak urtarrilaren 22rako Condestablen egin duen deialdia heldu zait ikastolako whatsapp taldetik. Ez dut ukatuko, oso deseroso nago bertan planteatzen denarekin eta, oro har, botatzen den mezuarekin. Ezin baitugu ahaztu, orain haur eskoletan dagoen euskara eskaintza eskasa, aurreko legealdian egindako aldaketa eta apustu txikiaren ondorio dela. Plataformak zabaldu duen bideoan UPNri aurpegiratzen zaion bezala, Asiron buru zuen aurreko udal gobernuari berdin aurpegira zekiokeen auzo guztietan euskara eskaini ez izana haur eskoletan. Hala egin izan balu, orain desmuntatzea oso zaila izanen zen hezkuntza eredu bat egonen zen instalaturik. Dena dela, inoiz ez ziguten esplikatu zergatik ez zen aldaketa hori gauzatu.
Bigarrenik, udal haur eskolen doakotasunaren inguruko isiltasunak, ardura handia ematen dit. Berdintasuna bultzatu nahi duten politika publikoetan eman ohi den pausu hau oso garrantzitsua izanen da Iruñeko emakume eta haur askorentzat. Nahiko penagarria da UPNk, PSNk baldintzatuta, garatu izana eraldaketa hau, horretan ez dut dudarik eta lotsa ematen dit, baina oso neurri garrantzitsua dela ukaezina da.
Baina benetan deserosotasuna sortzen didana zera da, euskararen alde garatzen ditugun kanpainak gutxien dutenei zuzendurik ez daudela, argi esateko, doakotasunari esker haur eskolara joanen diren familiak ez direla gure kanpainen helburu, eta horrek bide okerra hartzen ari garela adierazten duela uste dut.