Kultura zaintzeko, ospitaleak eraiki

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Fillat 2020ko urr. 21a, 12:52

Pandemiaren zazpigarren hilabete honetan, COVID-19ak utziko dituen ondorioez ikasten jarraitzen dugu. Besteak beste, azken egunotan konfirmatu da Durangoko Azoka ez dela egingo modu presentzialean. Bazterretako zurrumurruak geroz eta ozenago mintzo baziren ere, askok ezin sinistu genuen halakorik gertatuko zenik. Hala ere, aurten online formatura pasako da, eta online eginen dira topaketak, solasaldiak, kafe azkarrak, garagardo edanak eta ligeak.

Sekulako kolpea da argitaletxe, inprimategi, banatzaile eta egileentzat, baina maila bereko kolpea jasoko dute talde txikiek, autoekoizleek eta kolektiboek, baita modu librean doazenek ere. Desastrea ondorio ekonomikoetatik harago doa, desagertu egingo baita euskal kulturak urtero mugitzen duen diruaren portzentaje handi bat; izan ere, DA!-n saltzen ez dena ez da gero beste inon salduko.

Horregatik, inoiz baino argiago dago ezen kultura zaintzeko, gizarte osoa zaindu behar dela, hori baita gure eskubidea eta hori baita erakundeetan daudenei exijitu behar dieguna. Ez dugu kulturan gastatzeko bonorik nahi, ospitale berriak nahi ditugu!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!