Abenduaren amaieran Iruñeko haur eskoletako langileek mobilizazio bolada berri bati hasiera eman zioten. Iruindar askorentzat haur eskolen sektorea oso gauza ezezaguna bada eta erakundeetan egon ohi direnek merezi duten tokia eman ez badiete ere, gure hiriko umeentzat eta familientzat luxuzko tokia dira haur eskolak.
Hezitzaile, zaindari, garbitzaile edo sukaldariak dira haur eskoletan sortzen den errespetuzko esparrua eraikitzen dutenak. Haiek dira umeen erritmoak errespetatuz, garapen orekatuaren bidea bultzatzen dutenak, eta horrek guztiak umeengan eragin handia dauka urteetan zehar. Hala ere langile hauek ikusezinak dira eta baldintza kaxkarrak dituzte, gainontzeko funtzionarioen baldintzekin konparatzen baditugu.
Horregatik haiek dituzten eskaerak argi eta zintzoak dira: geletan dauden umeen ratioak txikitzea eta soldaten igoera gertatzea. Eskertzeko da behingoz sektore batek egiten dituen eskaerak lan baldintzei bakarrik ez egokitzea eta begirada zabalago bat garatu nahi izatea.
Haur eskoletan izan dugun harremanen ondorioz haurtzaroari begiratzeko modua aldatu zaigu gure etxean; Magaluzzi, Pikler, Reggio Emilia kontzeptuak gureganatu ditugu, eta Edurne, Inma, Saioa, Uxue, Bego gure bizian sartu dira. Eta honek guztiak bizian ikaragarri lagundu digu.
Horregatik, gaur arratsaldeko 18:00etan Parlamentu aurrera lagunduko ditugu haur eskolek duten garrantzia ikusten irakatsi diguten lagunak.