Guztion ahotan dagoen gaiarekin nator. Hamaika hipotesi, arrazoi, haserre... horrenbeste dira, txio moduko ideiak botatzeko aukerarik ez dudala. Ea ba zer gertatzen den.
- Aldaketaren gobernua deitu izan dena galdu egin eta garrantzitsua da ulertzea zer gertatu den.
- Aldaketaren gobernua ez da bakarrik galdu ezker ez abertzalearen esparrua zatikatuta aurkeztu zelako hauteskundeetara, askok esaten zuten bezala. Zenbakiek gauza gehiago esaten dute: Gero bai hondatu egin da eta ezkerreko jendea ez da bozkatzera joan. 2015ean hasi zen legealdian lortu ziren 14 zinegotzi, orain 9 dira.
- M15ean hasi zen ziklo politiko berria itxi egin da. Zeharo itxi gainera. Ahal duguk eta Aranzadik osatzen zuten esparru politikoa desagertu da, hemen eta estatuaren toki gehienetan. Sakoneko hausnarketa hasteko momentua da eta garaia ongi istea beharrezkoa, beste momentu batean aurrera egiteko asmoa badago, behintzat.
- Mezu baikorra ematen bada ere, ez du ematen Bilduk esaten duen bezalako emaitza onak atera dituenik, alkatetza galdu du Joseba Asironengan apustu osoa eginez. Hala diote Iruñetik Parlamentura eta Udalaren artean ateratako bozka kopuruaren aldeak: 13.000 eta 26.000 kasu bakoitzean. Pertsonari eman zaizkio bozkak proiektuari baino gehiago.
- Aldaketa geldoaren hipotesia bertan behera gelditu da. Udalean zortzi urtetarako proiektua garatzen ari zela eta urte hauetan entzun dugun hori guztia pikutara joan da. Auskalo zer gertatuko den hemendik aurrera lau urte hauetako aldaketekin.
Eta orain, denok zain. Ea hurrengo batean momentu historikoa probesteko gaitasun handiagoa dugun.