Unzu eraikinean zer

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Fillat 2018ko mai. 9a, 13:29

Atzo Nafarroako bi egunkari handienetan Iruñeko Mercaderes kaleko Unzu zenaren eraikinean eraikiko den aterpearen inguruko erreportai zabala topatu genuen. Bertan irudi eta berezitasun tekniko aunitz topatu zitezkeen. Berri horietan, antza denez proiektuaren sustatzaileak bultzaturik, proiektua geldirik dagoela esaten du nahiz eta zehazten den aurrera eginen duela Udalak ezarritako proiektu luzamendua amaitu ondoren.

Iruindar garen hauek ez dugu ulertzen bertan gertatzen dena. Alde batetik proiektuak sortutako gatazka dago, duela hilabete batzuk aurkeztu zenean auzokideen alde handi baten aurkakotasuna agertu zuena. Presio sozial horrek, antza, geldiarazi zuen aurrera egiteko txostena. Udalak onartutako epeen luzamenduak behin behinekoz gelditu zuen proiektua. Baina hori besterik ez zen gelditu.

Atzoko irudien ondoren informazio ezberdina jasotzen da: epeen luzamendua besterik ez da izanen eta horren amaieran aterpea eraikiko da. Mahai gainera datorkigun galdera da, zer egin du Udalak zehatz mehatz? Bi erantzun posible besterik ez ditugu. Lehenengoa: proiektu konkretu horren gainean arautzea. Bigarrena: Iruñeko Alde Zaharrak duen turistizazio prozesuaren aurrean araudia pentsatu eta lantzea, hau da hiri proiektu konkretu baten alde neurriak hartzea.

Litekeena da lehen erantzuna izatea zuzena eta horrek leku zail batean kokatzen gaitu, argi adierazten baitu zein de Udalaren interesa: hain zuzen ere gatazka konkretuei erantzutea hiri eredu borobil baten aurrean proposamenik izan gabe.

Denborak esanen digu zein izanen den benetako erantzuna...

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!