Iruñea turismoaren ibilbidetan buru belarri sartuta dago aspaldi baina azken bost urteetatik honetara aldaketa handia sumatzen da gure kaleetan. Hiru dira adierazle garrantzitsuenak, azken hamar urteetan Alde Zaharrean garatu den taberna kopurua, eten gabe gorantz egin duena UPN-ren proposamen politikoaren harira. Bigarrena, turista talde andana kaleetan barna paseatzen topatzea. Eta hirugarrena, alokairuen igoera irmoa eta higiezinen talde berrien alokairuetarako interesa agertu izana.
Bartzelona, Madril edo Donostia bezalako hirietan gertatu dena begiratu besterik ez dugu egin behar asmatzeko Iruñeak zein ibilbide har dezakeen. Hiri bakoitzaren berezitasunak alde batera utzita tankera bereko prozesuak bizi dira: esparru publikoaren pribatizazioa, turismoaren beharrei aurre egiteko azpiegiturak sortu, azkenean bertako biztanleria auzotik bota. Funtsean, hiriaren zati handia kapitalaren etekinen esku utzi.
Egoera zaila bizi dugu orain gure hirian mahai gainean horrelako proiektu handiak daudelako, adierazgarriena Mercaderes kalean aurkeztutako luxuzko etxeen eta aterpe berriaren eraikuntza. Iruñea turismoari begira bakarrik egonen den hiria bihurtzerik nahi ez badugu garatzen ari diren dinamiketan esku hartzeko momentua da hau, eta ez beste bat. Horretarako aukera bat dugu, bihar Mercaderes kalean arratsaldeko 20:00etan egonen den elkarretaratzea.