Joan den astean, maiatzaren 8an, PIINAk (Plataforma por Permisos Iguales e Intransferibles por Nacimiento y Adopción) Espainiako Kongresuan salatu zuen PPk eta Ciudadanos alderdiek amatasun eta aitatasun baimenen berdintzearen inguruko lege proposamena geldiarazi dutela. Eta gainontzeko alderdiei eskatzen zieten blokeo hori borrokatzea lehentasun kontua zela, gizartean izan ditzakeen ondorioengatik.
Lege hori eztabaidatu eta bozkatzeari ezartzen zaion bigarren blokeoa da hau. Lehenengoan aurrekontuari dagozkion arrazoiak egotzi zituzten, baina PIINAko lan taldea osatzen dutenek argi azaldu zutenez, lege honen ezarpen progresiboaren ondorioak urtero 222 milioi euro kostatuko luke eta hori aurrekontuen hazkundearen %3 baino gutxiago da. Beraz arrazoi ekonomikoak ez dira lege aldaketa hau ezartzea galarazten dutenak.
Borondate politiko kontua da. Lege hau ezarriko balitz, hain zuzen ere aita eta amek ume bat izaterakoan baimen aste kopuru berdina derrigorrez hartu behar izatea bere soldaten %100a kobratzen, gizartean epe ertainean eraldaketa sakona eragin lezakeelako. Alde batetik eragin zuzena izanen zuelako lan munduan, enpresetan berdin izanen zelako emakume bat edo gizonezko bat kontratatzea. Bigarrenik, ume jaio berri batek gurasoek zaindua izateko denbora bikoitza izan zezakeelako. Hirugarrenik lana eta zainketak kontziliatzeko aukera errazten ditu, ama eta aita (edo beste mota bateko bikotea)ren bi baimenak jarraian hartuz gero asko luzatzen delako zaintzarako denbora. Eta azkenik, eta funtsean, gizartean epe ertainean eragin handia izan dezakeelako, hain zuzen ere, denok zaintzeko gaitasun eta aukera dugula erakutsiko ligukeelako.
Gizarte osoaren onerako den lege hau ez da eztabaidatuko. Ea ba noiz dugun hau lortzeko hurrengo aukera.