Orain Errotxapeako gaztetxearen txanda da

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Fillat 2017ko mar. 17a, 14:37

Aste honetan zabaldu da Errotxapeako gaztetxetik egindako deialdia asanblada ireki batera gonbidapena. Hitzordua gaur da arratsaldeko 19:00etan, haienean. Bertan gaztetxearen egoeraren berri emanen dute maiatzean izanen duten epaiketari begira, baita hortik aurrera egon daitekeen hustuketaz ere.

Aspaldi ezagututako egoera baten aurrean gaude berriz. Gaztetxeko asanbladak orain energia guztia jarriko dio elkartasuna bilatzeari, irudimenari gogor astindu beharko dio hustuketaren aurkako kanpaina polit eta txukun bat pentsatzeko eta, auskalo, agian horrek guztiak ez du ezertarako balio izango. Zaila da ulertzen zergatik lan horri eutsi behar dioten eta ez egunero egiten duten lanari eragitea.

Azken urtean Iruñean hustuketa bat baino gehiago gertatu dira. Aste honetan bertan Txantrean okupaturik zegoen etxebizitza baten barnean zeuden bi gazte ere kaleratu dituzte. Udazkenean Sarasate Pasealekuan okupatu zuten etxe bat ere momentuan hustu zuten. Eta hilabete batzuk lehenago Konpañia kaleko gaztetxea.

Zaila da ulertzen zergatik hau guztia gertatzen ari den. Ez da logikoa. Argi dago udalaren esku sartze txikia dagoela gatazka hauetan. Baina badirudi ardura apur bat eskatzerik badagoela. Desobedientziaren eztabaidan sartu baino, ez al dago udalari eskatzerik besterik gabe legeak ematen dituen epeak ahalik eta gehien luzatzea? Edota alternatibarik planteatzea? Edo hustuketa gauzatu nahi duten bankuei kasurik ez egitea? Besterik ez dugu eskatzen, baina zerbait bai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!