Chim pon chi Iruñean

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Fillat 2016ko aza. 11a, 13:19

Joan den astetik Pamplonautan agertutako bideoan Iruñeko Udaleko Hirigintza Komisioan gertatutakoa ikus dezakegu. Bertan UPNren zinegotzia den Juan Jose Echeverriak eztabaida politikoa zentzugabe bihurtu zuen. Mugikortasunaren inguruan Iruñean egin nahi diren aldaketei bortizkeria dialektikoarekin erantzun zien, berriro ere, bertan dagoen gatazka islatuz.

Ez dakigu gainontzeko udal taldeek zerbait esan ote zuten halako eztabaida mailaren aurrean baina, zoritxarrez, UPNk hamasei urtez Iruñean garatutako politikaren eredu da hau. Echeverria jaunaren interbentzioak agertzen duen jarrera aspaldian ezagutzen dugu, baina “Chim pon chi” izena erabiltzeak eztabaida Komisio horrekiko errespetu faltaren adierazle argia da.

Echeverria UPNren jarreraren metafora argia da, eta metafora hori politika modu baten adierazle. Horregatik hain zuzen ere Iruñea hiri justuago bat bihurtzeko lanean jarraitu behar da eta aldaketetan sakontzeko bidean gaudela adierazten digu. UPNk ez du etsiko eta bortizkeria maila handituz jarraituko du, eta bere alboan, haiek bultzatutako mozioak bozkatzen dituztenak, politika horren berme emaile izanen dira.

Chim pon chi pertsonaiaren bidez Nafarroako botere faktikoek aldaketari dioten beldurra adierazten digute. Chim pon chi garai bateko politikarien mailaren metafora da eta haiek boterea galtzeko beldurra izendatzeko mamua. Egin dezagun handi, beraz, Chim pon chi!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!