Joan den astean Sanferminetako mahaia hastearekin batera jaietarako zenbatzailea atzeraka funtzionatzen hasi zen. Hala ere aurtengo festak ezberdinak izanen dira nahi ezean. Udalak iruindar guztion festak benetan denonak bilakatzeko ardura daukalako eta ez da hori lan makala, astuna baita gauzak modu batean egiteko ohitura kentzea.
Sanferminen mahaian esaterako. Bertan deialdia egina zegoen eta “gonbidatu gabe” zeuden hainbat kolektibo eta talde agertu ziren joan den astean. Ez dirudi Kultura buruarentzat berri ona izan zenik, eztabaida ireki baitzen. Baina hain juxtu hortxe dugu itxaropenerako bide bakarra, eztabaidan eta irudimenean.
Gure jaiek aldaketaren premia dutelako. Festa ereduari dagokionez, alkohola jaiaren nagusi izaten uzteko garaia heldu baita; jaia-kontsumoa binomioa hautsi behar dugu; Iruñean bizi den jendearen parte batek data horietan hiria uztea onargarria ez delako; bederatzi egunez sortzen diren etekinak nori heltzen zaizkion planteatzen hasi beharko genukeelako; eraso sexistek geure buruez gehiegi esaten duelako eta jai horietan hiritar guztiok toki bera ez dugulako.
Hau guztia lantzeko garaia hainbat eta hainbat hiritarrek dugu. Zabal eta orokorra izan beharko lukeen eztabaida honi hasiera emateko, apirilaren 22tik aurrera parada izanen dugu Condestablen eta Katakraken burutuko diren jardunaldietan. Has dadila festa!