Azkenik, Bilduk, PSNk eta Geroa Baik erorien monumentu faxista zutik mantentzea erabaki dute. Eta memoria historikoan militatu dugunok ezin dugu, ez dugu isildu behar.
Frankismoa memoria-proiektu bat izan zen, historian betikotzeko hamaika ekimen zabaldu zituelako. Gurutzeez, monumentuz eta plakaz bete zituen hiri eta herri guztietako kaleak, erorien omenez. Garaileek ez zuten elkarrekin bizitzeko bokaziorik izan, umiliatzeko bokazioa baizik.
Monumentuen esanahia aldatzea badu bere balioa diktaduraren apologia-gune batean historiarako edo memoria demokratikorako zerbait garrantzitsua gertatu denean. Auschwitzen kasuan bezala. Baina ez dira gauza bera oroipen leku bat eta ospatzeko leku bat. Beraz, irtenbide posible eta duin bakarra eraistea da.
Ezker Abertzaleko militante askori borondate onez entzuten diet esaten hau dela egin zitekeen gauza bakarra, PSNk edozein aukera blokeatzen duelako. Ez da egia, 2015-2019 legegintzaldian gehiengo nahikoa zegoen monumentua eraisteko, baina Bildu ez zen ausartu.